XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aberri eta hiritar hitzek beren esanahia berreskuratu zuten. Horrela, historian zehar gauzatutako ekintzarik ausartena kunplitu ahal izan da, konparazio baterako fisilogia-mailan burmuina eta bihotza kendutako gorputz bat aurretik zeukan identitatean biziaraztea litzatekeena.

Onartu beharra dago, beraz, nazio bat existi daitekeela oinarri dinastikorik gabe, eta dinastiek eraikitako nazioen kasuan ere, dinastia hauetatik alden daitezkeela nazio izateari utzi gabe. Printzeen eskubidea baino kontutan ez daukan printzipio zaharra ez dago mantentzerik; eskubide dinastikoaz gain eskubide nazionala dago.

Zein irizpidetan oinarritzen da eskubide nazional hau? Zein zeinuren bidez ematen da ezagutzera? Zein gertakari nabarmenetatik eratortzen da?

1. Askok diote, alafede, arrazatik datorrela. Zatiketa artifizialek feudalismotik datozenak, printzeen arteko ezkontzetan eta biltzar diplomatikoetan oinarritzen direnak indarra galdu dute; germaniar herrialdeetako arrazak, ostera, egonkor eta tinko dirau.

Honek ematen dio eskubidea, legitimitatea. Teoria honen arabera, esaterako, germaniar sendiak germanismotik sakabanatutako kideak berriro biltzeko eskubidea izango luke, baita kide hauek elkartzeko eskaria egingo ez balute ere. Germanismoak probintzia batean daukan eskubidea probintzia horretako biztanleek beren erabakiak hartzeko daukatena baino indartsuagoa da.

Horrela, jainko-eskubideko erregeek zeukatenaren antzeko oinarrizko eskubide bat sortu da; etnografiaren printzipioak nazioen printzipioa ordezkatu egin du. Oker handia berau, nagusituko balitz mendebaldeko zibilizazioa zapuztuko lukeena. Benetako aurrerapenerako, nazioen printzipioa zuzena eta legitimoa den bitartean, arrazen oinarrizko eskubidea estua eta arriskuz betea da.

Antzinako hiri eta leinuetan arrazak lehen mailako garrantzia zeukan. Antzinako hiri eta leinu hauek familiaren luzapena baino ez ziren azken finean. Esparta edo Atenasen hiritar guztiak senide hurbilak ziren nolabait. Berdin gertatzen zen Beni-Israel-darren artean; horrela da gaur egun ere leinu arabiarretan.

Goazen bada orain Atenas, Esparta eta israeldar leinuetatik Erromatar Inperiora. Egoera desberdina da hemen. Arrazaren ideia gogor kolpatzen du hiri eta probintzia ezberdinen bilduma handi honek, lehendabizi bortxakerian oinarritua, eta ondoren interesak mantendua den inperio honek.

Kristautasunak norabide berean ekiten du, eta oraindik modu eragingarriagoan, bere izaera unibertsal eta erabatekoa dela eta. Erromatar inperioarekin itun hertsia uztartzen du Kristautasunak; paregabeko bi batasungile hauen eraginez, mendeetan zehar baztertua geratu da arrazoi etnografikoa giza arazoen gobernurako.

Barbaroen inbasioa, itxurak bestelakoa adierazi arren, urrats bat gehiago izan zen bide honetan. Barbaroen erresumen arteko mugapenek ez dute kutsu etnografikorik; inbaditzaileen indarrean edo nahikerian oinarritzen dira. Menperatzen zituzten herrien arraza ez zitzaien batere axola.